Lan kaskarra Bernan
2008-(e)ko septiembreren 15-(e)an

Ostiral goizean goizetik tokatu zitzaien neskei txapelketari ekitea. Bederatzietan lehenbiziko lehiatzailea soka muturrari loturik, katu oinak jantzita eta eskuak magnesioz bustita txuri-txuri zeuzkan bideari ekiteko prest. Bidea ikusteko emandako sei minutuak amaitzean, beroketa gune osoan zehar zurrumurru bera entzun zitekeen emakume guztien ezpainetan: “Ufa! Bideak hogeita hamar pausu besterik ez dauzka eta heldulekuek nahiko eskasak dirudite…”

 

Hamarrak aldera tokatu zitzaion Iratiri lehiatzeko txanda. Lehenbiziko proba izatearen urduritasun, antsietate, hoztasun eta ilusio sentimenen nahastea zebilkion Iratiri zainetan barrena. Erritmo onaz hasi zuen lehia, gogoz eta indarrez eta bidearen urratsak oso argi zeuzkan. Bidearen erdi aldera, bazegoen pausu tonto xamar bat. Ez zen zaila bere gogortasunagatik, baina zalantza une  bat sortzen zuen eta nola egin antzeman beharra zegoen. Zalantza une horretan aurkitu zen Irati eta aurrera jotzeko modu egokia ez aurkitzea gogor ordaindu zuen Gasteiztarrak. Izan ere, ez du balio ohartzeak pausoa nola egin behin airean zaudenean. Hor bukatu zen txapelketa Iratirentzako, finalerdirik gabe. Muriel Sarkany beljikarrak eta Crhistina Shmith suitzarrak.

 

Zapore garratza da porrotarena, baina noiz edo noiz dastatzea tokatzen dena. Ez dute balio lesioaren aitzakiek ezta Iratirentzako denboraldiko lehenbiziko txapelketa izateak ere. Porrot horretatik ikasi eta hurrengo helburuan pentsatzea da egin behar dena.

 

Zein polita den bizitzaren bidea dena ondo ateratzen denean…Batzuetan oinak lurrera bueltatzea komeni izaten da ordea…