Inicio arrow solasak arrow Txokolate kikara beroa
advertisement.png, 0 kB
Advertisement
Txokolate kikara beroa PDF Imprimir E-Mail
viernes, 25 de julio de 2008

        Nire logelako atepeko zirrikitutik sartzen den txokolate eginberriaren usaina sumatzeaz batera zabaldu dizkiot asteko azken egunsentiari begiak.

Amatxo eta aitatxo sumatzen ditut sukaldeko mahaiaren inguruan solasean. Ziurrenik ama txokolatea irabiatzen egongo da eta aitak labean izango du opil bero eta xamurra gainetik botatako intxaur apurrak gehiegi xigor ez daitezen adi-adi. Madalena paperen antzera itxatxirik nituen izarez gabetu naizenean sukaldera abiatu naiz.

 

Behin tripazorriak baretuta besperan kontu handiz prestaturiko motxila hartu eta tren geltokira habiatu naiz, Araiarako expressoa hartzeko asmoz. Motxilaren sakonean 11mm eta 60m-ko soka, zortzia bere mosketoi eta guzti, zinta luzeko 20 espres, kolore argidun arnesa, magnesio poltsa eta hau lotzeko bere kordinotxo larroxa, orkatilerainoko lokarridun katu oinak pare bat aldiz rekautxutatuak, ia jaioberri nintzeneko maia moreak tanto berdeekin (bi zulo ipurdiko ezker masailean eta Son Gokuren petatxua belaunetako batean), kaskoa eta , nola ez, gurasoek prestaturiko merienda poltsa; lagun talde osoari jaten emateko moduko kargamentu eta guzti. Ura, zagar zukua, txokolate tableta, intxaurrez beteriko piku lehorrak, sagarra, banana eta pare bat bokadillo (aitak prestatua patata tortilla eta amak xolomoa piperrekin).

 

Eginora iritxi eta pare bat bide eskalatuta eta eskutaketan jolasten igaro dugu egun osoa. Bainu beroa hartu afaldu eta ohera, bihar eskola eguna eta.

 

Kafe makinan bor-bor dagoen kafearen lurrinak bustitzen ditu etxeko txoko danak. Bezperan merkatuan erositako urtaroko fruitu freskoez eginiko mazedonia ari naiz gozatzen gosaltzeko. Sartagian su txikian erretzen ari den ogia goizeko jatorduko usain goxoari gehitzen zaio xigortuz joan ahala.

 

Bezperan kateatu ez nuen bidea ibili dut buruan gau osoan zehar eta erdi ameslari erdi gautxori nengoela bururatu zaidan sistema berri bat probatzeko irrikitan nago. Kotxeko giltzak eta eskalatzeko motxila nirekin hartu eta eskalatzera habiatu naiz. Motxilaren sakonean 9,2mm eta 80m-ko soka, merkatuko zintarik laburreneko 10 espres, gri-gria, magnesio poltsa guaya, bost neurri txikiagoko velcrodun katuoinak, sei neurri txikiagoko bailarinak eta berotzeko katuoin parea, arnes estua eta fin-fina, asteburutan ligatzera joateko praka estilo kasual balearen isatsaren irudia ipurdiko poltxikoan dutenak eta hauekin batera ondo doan kamiseta pistatxo kolorea., ah! eta litro erdi ur, sagar bat eta azenario bi.

 

Baltzolara iritsi eta betiko bideari bi pege eman dikiot berotzeko. Irrikitan nago nire gaurko proiekturi ekiteko, sistema berriak proban jartzeko eta harkaitzarekin beste egun batez dantza egiteko. Gimnasia erritmikoko koreografia bailiran buruan darabilzkit bidearen pausuetako bakoitza, atsedenak, tsapajeak...Ongi dakit non lasaitu eta ongi dakit non egin behar dudan idarra eta hala ere sokaren muturra arnesaren eraztunetik pasatzen ari naizen bitartean tximeletak sentitzen ditut sabelean, gora begira.

 

Atzo eta gaur pertsona bera izan arren nire helburu, zirrara, erronka eta bizipenak aldatuz doaz eta Euskal Herriko mendi punta, magal eta zoko-moko guztiek beti eskeiniko didate aukera ezinegon hauek gauzatzeko. Bizitza eguneroko bizipenez josten dugun ohialkia da.

 
< Anterior   Siguiente >